2014(e)ko otsailaren 6(a), osteguna

ALDUNDIA ENPLEGU ARLOAN ESTATU BATUETAN EGITEN DEN AZOKARIK HANDIENERA JOAN DA BIZKAIRA TALENTU BERRIAK EKARTZEKO



•Azoka horretan, bizkaia:talent Aldundiak sustatutako elkarteak hartzen du parte goi mailako profesionalak bilatzen dituzten 11 euskal enpresarekin batera.
•Bizkaiko ordezkaritza horren helburua da goi mailako 32 profesional hona erakartzea.
•Aldundiak bost urte daramatza ospe handiko azoka horretara joaten; munduan enplegu arloko azokarik handiena da eta, bertan, Europako merkaturako talentuak bilatzen dira.
•MIT European Career Fair azokan, prestakuntza handiko 4.500 hautagai baino gehiago biltzen dira, hainbat herrialdetakoak.
Bizkaia:talent Aldundiak sustatutako elkartearen bitartez, Bizkaiko Foru Aldundia enplegu arloan estatu batuetan egiten den azokarik handienera joan da, ondoz ondoko bosgarren urtez. MIT European Career Fair (ECF) mundu mailako sailkapenetan lehenengo agertzen den unibertsitatea da, ondoan duen Harvard-ekin, batera. Foru Aldundiak azoka horretara joatean duen helburua hau da: lurralde historikoarentzat estrategikotzat jotzen diren arloetan prestakuntza handia duten profesionalak bilatu eta gurera ekartzea, eta arreta berezia jarriko du AEBetan bizi diren euskaldunengan. EAEko enpresa batzuei egin zaie kontsulta, eta goi mailako 32 profesional bilatu eta ekarri nahi dira.
Helburu hori lortzeko, Bostonen egiten den azokara doan talde teknikoak Euskadiko hamar sozietate hauekin batera hartzen du parte: Achucarro: Basque Center For Neuroscience; Bc3: Basque Centre For Climate Change;  Azti; Bcam: Basque Center For Applied Mathematics; Caf: Construcciones Y Auxiliar De Ferrocarriles, S.A.; Cic Energigune; Cic Nanogune; Gestamp; Ideko-Ik4; Panda Security; eta Tecnalia.
Lan plana hau da: egunean, batez beste, 30 laguni elkarrizketa egitea. Enpresa bakoitzak bere elkarrizketak egingo ditu, bilatu nahi dituen profilen arabera. Horrez gainera, bizkaia:talent sozietateko taldeak ere elkarrizketak egingo ditu, euskal enpresa batzuen ordezkari arituko baita.
Bestalde, Aldundiko ordezkariek jarraituko dute EAEkoak izan eta AEBetan bizi diren goi mailako profesionalak ekartzen eta bilatzen. Horrenbestez, bizkaia:talent elkarteak topaketa informal bat antolatu du otsailaren 1ean eskualde horretan bizi diren graduatu-ondoko 28 euskal ikaslerekin (masterra, MBA edo doktoretza egin dutenak eta/edo doktoratu ondoko ikertzaileak).
Mundu osoko goi mailako 50 profesional 
Bostonerako bidaia aprobetxatuz, igandean (otsailak 2) bizkaia:talent Aldundiak sustatutako elkarteak jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldietan, Euskadik goi mailako profesionalei eskaintzen dizkien aukerak aurkeztuko dira. Honako hauek parte hartuko dute: AEBetan eta Kanadan Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria den Ander Caballerok, AEBetan ISEBen ordezkaria den Pablo Fanok, eta Ivan Jimenez bizkaia:talent elkarteko zuzendari kudeatzaileak.
Ekitaldian, euren ibilbide profesionala Europan garatzeko interesa eta goi mailako prestakuntza duten mundu guztiko 50 pertsona izango dira. Gainera, egun horietan zehar hainbat lan-bilera egingo dira MITeko eta hango institutuetako goi mailako agintariekin.
MIT European Career Fair
MITek egiten duen European Career Fair (ECF) azokan, prestakuntza handia duten 4.500 hautagai baino gehiago batzen dira (Europakoak, AEBetakoak, eta munduko beste hainbat lekutakoak); Europako hainbat enpresa eta erakunde joaten dira azokara, arlo pribaturako eta zientifikorako langileak kontratatzeko.
Azoka honetan, goi mailako langile espezializatuak behar dituzten erakundeek aukera eskaintzen diete Europan lan egin nahi dutenei; horrez gainera, erakunde horiek aukera ematen diete langile horiei Europan karrera profesional bat egiteko. Hautagai gehienak AEBetako unibertsitate onenetatik datoz: MIT, Harvard eta Ivy elkartea (besteak beste, Columbia, Princeton, Cornell eta Yale unibertsitateak daude elkarte horretan sartuta).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina