2014(e)ko urtarrilaren 9(a), osteguna

ALDUNDIA GALLARTAKO ONDULINE ENPRESAREN PRODUKZIO- LERRO BERRIAREN IREKITZE-EKITALDIAN IZAN DA

Produkzio-lerro berriak, abiarazteko bi milioi euroko inbertsioa behar izan duenak, berekin ekarriko du Bizkaiko lantegiak bere produkzio-ahalmenaren ehuneko ehunean lan egitea.

Albistearen iturria: 



Bizkaiko Foru Aldundia Onduline enpresak Gallartan duen egoitzan produkzio-lerro berria irekitzeko egin den ekitaldian izan da, gaur goizean. Ekonomia Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek; Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuorde Estibaliz Hernaezek eta Ondulineko munduko arduradun nagusi Jean Noël Fourel-ek parte hartu dute El Campillo industrialdean egin den ekitaldian. Bi milioi euro inguru inbertitu dira fibroasfalto-plakak produzituko dituen lerro berri hau abiarazteko, eta, beroni esker, lantegiak bere produkzio-ahalmenaren ehuneko ehunean lan egingo du.

Atzean geratu da eraikuntza-sektoreak bizi duen eta Ondulinen ere eragina izan duen krisialdiaren ondoriozko bi urteko zalantza-aldia. Bitarte horretan, enpresak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bi gainditu ditu; are gehiago, taldeko munduko zuzendaritza enpresaren hurbileko etorkizuna zalantzan jartzeraino heldu da, goizeko ekitaldian gogorarazi denez. Lerro berria abiaraztearekin batera, bultzada berria ematen zaio eraikuntza-materialak fabrikatzen dituen enpresa honi, zeinak ekoizten dituen fibroasfalto-plaken ehuneko hirurogeita hamar Europa, Amerika eta Asiako zenbait herrialdetara esportatzen duen.