2014(e)ko urtarrilakren 15(a), asteazkena

ALDUNDIAREN IRITZIZ, FROGATUTA DAGO INCOESA-REN PRODUKZIO-JARDUERAREN DESLOKALIZAZIOA BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOTIK




•Incoesa-Trafos-ek eta Incoesa-Trafodis-ek jaso dituzten 150.000 eurotik gorako laguntzak itzultzeko exijitzen du foru-erakundeak.
•Foru-erakundeak ikertu egingo du ea enpresaren jabeek bete gabe utzi zituzten diru-laguntza publikoen xede izan ziren helburuak.
•Aldundiak Bizkaiko industria-sarearen eta enpleguaren aldeko konpromisoa eta apustua berretsi ditu. 
 
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, astearteko batzarrean (2014ko urtarrilaren 14a), onetsi egin du Incoesa-Trafos eta Incoesa-Trafodis enpresen deslokalizazio-adierazpena. Aldundiak berretsitako testuak jasotzen duen bezala, Incoesa Taldeak martxan jarri duen berregituratze-prozesuaren ondorioz, Bizkaiko enpresa horietan bertan behera utziko da industria-produkzioa, eta, aldi berean, jarduera hori berori beste leku batean egingo da, Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo. Enpresa-erabaki horren aurrean, Gobernu Kontseiluak erabaki hauek hartu ditu: lehenik, Incoesa-Trafos eta Incoesa Trafodis enpresen produkzioaren deslokalizazioa adieraztea; bigarrenik, enpresei ordaindutako diru-laguntzak itzultzeko prozedura hastea, 5/2005 Foru Arauaren II. Tituluan ezarritakoa; eta, hirugarrenik, adieraztea Incoesa-Trafos eta Incoesa-Trafodis enpresek eta horien bazkideek ezin izango dutela foru-sektore publikoak emandako laguntzarik jaso zortzi urteko aldian. Erreklamatu beharreko kopuruak hauek dira: 134.052,83€ Incoesa-Trafos enpresaren kasuan eta 21.061,76€ Incoesa-Trafodis enpresaren kasuan.

Produkzio-jardueraren deslokalizazioa
Gobernu Kontseiluak onetsitako adierazpenak euren produkzio-jarduera industriala Bizkaiko Bedia udalerrian garatzen zuten Incoesa Taldeko bi enpresei eragiten die, diru-laguntzak jaso zituztenei, hain zuzen ere. Ez dio eragiten ingeniaritza-alorrari, hau da, Incoesa Consultores Industriales enpresari; izan ere, enpresa horren lan-zentroak Derion jarraituko du. 7/2007 Foru Arauko 5. artikuluan xedatu zenez, enpresaren deslokalizazio-adierazpena emanez gero, deslokalizazio-adierazpena jaso duen enpresak eta haren bazkideek ezingo dute foru-erakundeak emandako diru-laguntzarik jaso zortzi urtean. Halaber, enpresak behartzen ditu adierazpenaren aurreko zortzi urteetan jasotako diru-kopuruak itzul ditzaten, kopuru bakoitza jaso zutenetik deklarazioaren egunera arte sortutako berandutza-korrituekin batera.

Industria-jarduera eta enplegua sustatzeko konpromisoa
Azkenik, enpresak Bizkaian aberastasuna eta enplegua sortzeko funtsezkoak direla onartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko industria- eta enpresa-sarearen aldeko konpromisoa eta apustua berretsi ditu. Horretarako, haien lehiakortasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzeko beharrezkoak diren programak, laguntzak eta ekimenak sustatuko ditu, orain arte bezala. Izan ere, laguntza publiko horien helburua da aberastasuna eta lanpostu iraunkorrak sortzen laguntzea eta lurraldean jarduera ekonomikoen deslokalizazioa eragoztea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina