2014(e)ko urtarrilakren 13(a), astelehena

BIDC-K ETA BRITISH COUNCILEK HASI DUTE BILBOKO, BIZKAIKO ETA ERRESUMA BATUKO ENPRESA SORTZAILEEK PROIEKTUAK PARTEKATZEKO PROZESUA


 
• Lankidetza hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council erakundearen bitartez, British Councilekin sinatutako hitzarmen estrategikoaren ondorioa da.
• 200 erakunde eta enpresak baino gehiagok aukera izango dute Bilbo eta Bizkaia nazioartean ezagutzera emateko ekintza honetan parte hartzeko; sormena eta diseinua dira ekintzaren oinarria.

Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council (BiDC) eta British Council erakundeek prozesu bat hasi dute BiDC kontseiluko kide diren erakundeek eta enpresek eta Erresuma Batuko haien kideek proiektu partekatuak gara ditzaten urtarriletik abenduaren 31ra bitartean. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, BiDC erakundearen bitartez, ekainean British Councilekin sinatu zuten lankidetza-hitzarmen estrategikoaren ondorioa da.

Akordio hau dela eta, foru erakundeak, Bilboko Udalak, SPRIk, hiru euskal unibertsitateek, Teknalia eta IK4 zentroek, sormenaren arloko industriei lotutako klusterrek, Guggenheim Museoak, Arte Ederren Museoak, Euskalduna Jauregiak, Alondegiak, Merkataritza Ganberak eta BEC-ek lankidetza-proiektu bat garatuko dute, gutxienez, Erresuma Batuko partner batekin, diseinuaren, ikus-entzunezkoen, bideojokoen, modaren eta eduki digitalen sektoreetako 200 enpresa eta erakunde baino gehiagorekin batera. 

Proiektuak hauek izan daitezke:joint ventureak sortzea, produktuak eta zerbitzuak lankidetzan garatzea, merkataritzako aliantzak egitea, profesionalak trukatzea, tailerrak antolatzea, etab. 

Lankidetza hau gauzatzeko, «AIM GREAT BRITAIN» izeneko gune bat sortu da BiDC erakundearen web orrian. Gune horretan, prozesuari buruzko informazioa aurkitu ahal dute enpresek eta eragileek, eta gune horretan kargatu beharko dituzte beren proiektuak, bideo baten bitartez (bideoa minutu batekoa izan behar da, gutxienez). Horrez gainera, BiDC erakundeak idazkaritza tekniko bat sortu du erakundeko kideek Erresuma Batuan garatu beharreko ekimenei dagokienez planteatutako galderak erantzuteko. 

Proiektuak abenduaren 31a baino lehen egin beharko dira, eta BiDC Foroak ebaluatuko ditu. Foro horrek gauzatutako proiektuen artean arrakastarik handiena lortu duten esperientziak balioetsi eta sarituko ditu.

Aurrekaririk gabeko ekimena
Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Andoni Aldeko Alkatetzako Kabineteko zuzendari ordezkariak eta Rod Pryde British Council fundazioaren Estatuko zuzendariak gaur egin duten aurkezpena eta gero ofizialki abiarazi den ekimenak ez dauka aurrekaririk. Orain arte, Bilbao-Bizkaian ez da sekula sustatu honelako proposamenik kanpoko proiekzio ekonomikora bideratuta Ekimen honetan hainbat erakunde eta enpresa daude sartuta (200 baino gehiago); ardatza sektore jakin batzuk dira (diseinua eta sormenaren arloko industriak) eta aldi jakin batean gauzatzekoa da (urte bat). 

Urtero, BiDC erakundeak herrialde bat aukeratuko du ekintza hau gauzatzeko. Lehenengoa Erresuma Batua izan da. Herrialde hori hautatzea ahalbidetu duten arrazoiak bistakoak dira: Bilbao-Bizkaiaren eta Erresuma Batuaren arteko lotura historikoak eta ekonomikoak, herrialde horrek sormenaren arloko industrien alde egiten duen apustua eta BiDC eta British Council erakundeen arteko lankidetza. 

Lankidetza honen barruan, aurrez ikusita dago Erresuma Batua herrialde gonbidatua izatea Diseinuaren Nazioarteko Egunaren II. edizioan. BiDC erakundeak antolatzen du egun hori, ekaineko azken astean. Halaber, aurtengo udazkenean, Bizkaiko sormenaren eta diseinuaren arloko industriak aurkezteko ekitaldi bat egingo da Londresen, British Councilek babestuta eta lankidetza-hitzarmenaren babespean. 

Bi ekintza hauek hiru helburu dituzte. Lehenengoa, Erresuma Batuan industria sortzaileen garapenaren arloan ematen ari diren esperientziak ekartzea Bilbora eta Bizkaira. Bigarrena, Bilbok eta Bizkaiak sormenaren eta diseinuaren arloko industrien alde -hiriaren eta lurraldearen garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore garrantzitsuak diren heinean- egiten duten apustua ezagutzera ematea Britainia Handiko hiriburuan. Eta, hirugarrena, BiDC erakundeko kide diren organizazio eta enpresen eta Erresuma Batuan izan ditzaketen kideen arteko harremana, lankidetza eta proiektu bateratuak ahalbidetzea eta sustatzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina