2014(e)ko urtarrilaren 2(a), osteguna

ALDUNDIAREN LAGUNTZAREKIN 2008 ETA 2012 URTE BITARTEAN SORTUTAKO HAMAR ENPRESA BERRITZAILETIK ZORTZIK JARDUNARI EUSTEN DIOTE

• Enpresa horien biziraupen-indizea altuagoa da Eustatek euskal enpresetarako oro har ezarritakoa baino; hau da, % 61etik gorakoa da.
• Horri esker, 1.342 lanpostu mantendu ahal izan dira.
• Enpresa berritzaileak sortzeko programaren laguntzaren bidez sortu diren enpresek, batez beste, 7,5 langile dituzte eta 1,2 milioi euro fakturatzen dute.
• Epe horretan, Aldundiak 11,6 milioi euro erabili zituen horrelako enpresak abian jartzen laguntzeko; zeregin horretan inbertitutako milioi euro bakoitzeko, enpresa horiek urteko 19,1 milioi euro fakturatu dituzte eta 115 zuzeneko enplegu sortu.

Aldundiaren laguntzarekin 2008 eta 2012 urte bitartean sortutako hamar enpresa berritzailetik zortzik jardunari eusten diote, gaur egun, Foru Erakundearen Enpresa Berritzaileak Sustatzeko Programa kudeatzen duen BEAZ sozietate publikoak emandako datuen arabera.  Beraz, enpresa horien biziraupen-tasa % 88 da, Eustatek euskal enpresetarako sortu eta laugarren urtean oro har ezarritakoa baino askoz altuagoa; hau da, % 61etik gorakoa da.
Zehazki, 2008-2012 urte bitartean, Aldundiak 207 enpresa berritzaile berriri eman die laguntza; haietatik, gaur egun, 179k eusten diote jardunari, eta, ondorioz, 1,342 lanpostu mantentzen dira.
BEAZek egindako txostenak —Enpresa Berritzaileak Sustatzeko Programaren emaitzak jasotzen ditu— agerian uzten du aztertutako epean 41,5 enpresa sortu direla urteko eta enpresok 7,5 langile eta 1,2 milioi euroko fakturazioa dituztela batez beste. Beraz, haien enplegu-ahalmena handiagoa da Eustatek ezartzen dituen erreferentziak baino; izan ere, erakunde horren estatistiken arabera, azken lau urteetan iraun duten enpresa berrien batez besteko lanpostu kopurua 2,85 da.
Enpresa berritzaileen sorrera bultzatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 11,6 milioi euro bideratu ditu 2008-2012 urte bitartean. Halaber, laguntza horietan inbertitutako milioi euro bakoitzeko, urteko 19,1 milioi eta 115 zuzeneko lanpostu sortu dira, laguntza horiek jaso dituzten enpresen kasuan.
Foru Erakundearen laguntzaren bidez 2008-2012 urte bitartean abiarazitako enpresa berritzaileen sektoreei dagokienez, nagusi dira produktuen teknologia altua eta ezagutza-zerbitzu aurreratuak dituztenak.
Zehatzago, enpresa horien % 36,23k jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan dihardute; % 22,2 informazioaren eta komunikazioen sektoreari lotuta daude, eta % 14 manufaktura-industrian ari dira. Gainerako enpresek bestelako sektoreetan dihardute; baina azpimarratzekoa da enpresa berritzaileak sortzeko laguntza eskatzen duten proiektu berritzaileen artean ordezkari gutxiago dagoela sektore tradizionaletan (nekazaritza, eraikuntza, garraioa eta merkataritza).

Albistearen iturria: Bizkaiko Foru Aldundia



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina