2014(e)ko urtarrilakren 2(a), osteguna

NEKAZARITZA POLITIKA ERKIDETIK ERATORRITAKO EUSKADIRAKO FUNTSEN % 20 KUDEATUKO DU ALDUNDIAK DATOZEN 7 URTEETAN

Nekazaritzako Foru Sailak eta Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek hasierako akordioa lortu dute Europako funtsak banatzeko eta jarduerak lehentasunezko neurrietan oinarritzeko.

Duela gutxi, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren esparru berriaren araudi-proposamena onetsi da, hau da, landa-garapenerako politikak finantzatzen dituen Europako nekazaritza-funtsa (Landa Garapen Iraunkorrerako Programa 2014-2020 (LGIP)). Hori horrela, nekazaritza-arloan eskumena daukaten euskal administrazioek hasierako akordioa lortu dute, Europako funtsak banatzeko eta jarduerak lehentasunezko neurrietan oinarritzeko. Akordio hori oinarri hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak, Nekazaritza Sailaren bitartez, Euskadiko programaren % 20 inguru kudeatuko du. Horri esker, 80 milioi euro inguruko inbertsioak egin ahal izango dira Landa Garapen Iraunkorrerako Programa indarrean egongo den zazpi urteetan. Diru-kopuru osotik, 17 milioi inguru Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatuko ditu, eta beste 23 milioi, berriz, foru-erakundeak.

2014-2020 urteetarako Landa Garapen Iraunkorrerako Programa berriaren esparruan, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren helburu nagusiak hauek dira: landa-eremuen garapen iraunkorra bermatzea, nekazaritza-mota guztien lehiakortasunean eta ustiategien bideragarritasunean oinarrituta; animalien ongizatea eta arriskuen kudeaketa nekazaritzako elikagaien katean; nekazaritzarekin eta basozaintzarekin lotutako ekosistemak birgaitu, zaindu eta hobetzea; gizarteratzea sustatzea; eta landa-eremuen garapen ekonomikoa.
Beste helburu zehatzago batzuen artean, Nekazaritzako Foru Sailak hauei ematen die lehentasuna:

-Nekazari gazteak sustatzea, belaunaldi-txandakatzea zainduz. Landa-garapenerako neurriei esker, landa-inguruneko ekonomia aktibatu ahal izango da, eta sustatuko diren ekintzek landa-guneak birgaituko dituzte. Horrela, landa-gune horiek erakargarriagoak izango dira nekazari gazteentzat.
-Nekazaritza-produkzioen balio erantsia handitzea. Zentzu horretan, banaketa-kate laburrak bultzatzea eta lehengaiak ustiategian bertan eraldatzea Bizkaiko ustiategien errentagarritasuna nabarmen handitzeko neurriak izan daitezke.
-Nekazaritza-jarduerarekin lotutako ekosistemak zaindu eta hobetzea. Nekazaritza- eta ingurumen-neurriak indartuko dira, honako hauek behar bezala kudeatzeko: mindak, lurzoruak, larreak, erlezaintza eta nekazaritza ekologikoa, produkzio integratua, etab.
-Zailtasun naturalak dituzten nekazaritza-ustiategiei konpentsazioa ematea, mendiko eta bestelako gune kaltetuetako konpentsaziozko kalte-ordainen bitartez, Europar Batasunak ezarritako gehiegizko zenbatekoetaraino. Horrez gain, nekazaritza-mota guztien lehiakortasuna eta ustiategien bideragarritasuna hobetzeko prozesuan sakontzea, produkzio-azpisektore ezberdinen modernizazioari eta berregituraketari lagunduta.
-Historikoki, baso-politikak indarra galdu izan du Europako programa hauetan. Orain, aldiz, berritasun modura, programa bakoitzeko Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsen % 30 neurri zehatz batzuetara bideratu beharko da, eta, horien artean, baso-neurriak daude. Horrela, honako hauek laguntzen onuradun izan ahalko dira: onura publikoko mendiak (40.000 hektarea baino gehiago Bizkaian); baso pribatuen balio erantsia handitzeko inbertsioak, Baso Kudeaketa Iraunkorreko Planean oinarrituta, Bizkaia plan hori betetzeko egoeran baitago, batez ere duela gutxi Baso Kudeaketa Iraunkorreko Plan Sinplea ezarri eta gero; eta aipatutako Baso Kudeaketako Planak egiteko finantza-laguntza.

Albistearen iturria: Bizkaiko Foru Aldundia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina