2014(e)ko urtarrilaren 7(a), asteartea

25.000 «BONO-DENDA»K AGORTU EGIN DIRA KANPAINA AMAITZEKO HILABETE ESKAS FALTA DEN ARREN

• Sustatzaileak, Aldundia eta Cecobi, oso pozik agertu dira ekimen honek kontsumitzaile nahiz saltzaileen artean izan duen harrera dela eta
• Aurten, eskari handia zegoela ikusita beste 5.000 bonu jaulki ziren, baina horiek ere astebete eskasean agortu dira
• Bonuok datorren urtarrilaren 31ra arte trukatu ahal izango dira, kanpainari atxikitako dendetan


Urtarrilaren 3an agortu dira «Bono Denda» kanpainaren bigarren urte honetan merkaturatu diren 25.000 bonuak, kanpaina amaitzeko ia hilabete falta dela. Hortaz, esan daiteke finkatu egin dela Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren (CECOBI) baterako ekimen hau, aurreko urtean baino arrakastatsuagoa izan baita, eta horrela, ekimenaren helburu nagusia betetzea lortzen da: saltoki txikiak indartu eta berpiztea, alegia.
Ekonomia Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek azpimarratu du Foru Aldundia harro dagoela kanpainak izan duen harrera ona ikusita. Esan duenez, «Bono Denda» kanpaina finkatu egin da edizio honetan eta gainditu egin ditu aurreko urtean sortu ziren itxaropenak, bai jendearen harrerari dagokionez, bai saltzaileen euren harrerari dagokionez. Gaineratu du oso pozik daudela, harrera on horrek erakusten baitu emaitzak lortzeko balio duela Aldundiak kontsumoa sustatu eta saltoki txikiak berpiztearren egiten duen ahaleginak. Pradalesek azaldu duenez, aurten bonu gehiago jaulki eta eskuratu dira; beraz, aurreko urtean baino emaitza hobeak lortzea aurreikusten da, eta esan behar da iaz 1,6 milioi euroren salmentak egin zirela bonuon bidez.
CECOBIko presidente Pedro Campok nabarmendu du, bestalde, kanpaina honen bigarren edizioak lortutako arrakastak erakusten duela honelako ekimenek benetan lortzen dutela kontsumoa piztea, bai eta hirietako erdiguneetako nahiz txikizkako merkatarien baikortasuna eta ilusioa sustatzea ere. Azpimarratu du, gainera, eskerrak eman behar zaizkiela kanpainan parte hartu duten Bizkaiko eskualdeetako saltzaile-elkarteei.
Aurten, hasieran, 20.000 «Bono Denda» jaulki ziren, eskaria 2012koa bestekoa izango zela aurreikusita. Baina astebete dela dagoeneko agortuta zegoen lehenengo jaulkipen hori, eta beste 5.000 bonu ateratzea erabaki zen: kontsumitzaileek astebete besterik ez dute behar izan bigarren jaulkipen horretakoak ere agortzeko. 
Bonuok datorren urtarrilaren 31ra arte trukatu ahal izango dira, kanpainari atxikitako dendetan, kanpaina egun horretan amaitzen da eta. 
«Bono Denda» ekimenaren bidez Aldundiak 10 euroko diru-laguntza ematen du Bizkaiko hiri-komertzioetan edo herri eta hirietako bertako komertzioetan erosketak egiteko. Aurten ere, aurreko urtean bezala, 40 euroan saldu dira bonuok, baina 50 euroko erosketak egiteko aukera ematen dute.
Dena dela, erosketa bakar baterako erabili ahal izango da «Bono Denda»; beraz, bonuak ezin izango dira metatu ticket edo faktura batean. Baina kontsumitzaileak dituen «Bono Denda» beste erosketa egin ahal izango dira.
Hirietako edo hurbileko merkataritzan egiten den kontsumoa bultzatzea du xede kanpaina honek, halako merkataritzak bereziki pairatzen baititu krisi ekonomikoaren ondorioak. Zehatzago esanda, baldintza hauek betetzen dituzten komertzioentzat da: Bizkaian egoitza soziala edukitzea, 10 langile baino gehiago ez izatea (berdin dio autonomoak edo inoren konturakoak diren), eta txikizkako merkataritzan aritzea (berdin dio zer produktu saltzen duten). Aurtengo kanpaina irudi pertsonalaren arloan diharduten saltokientzat ere zabaldu da.
Kanpainarekin bat egin duten saltokietan bereizgarri bat jarri da, erraz ikusteko moduko leku batean (erakusleihoan, esaterako), horrela kontsumitzaileek erraz identifika ditzaten.

Albistearen iturria: 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina