• Sustatzaileak, Aldundia eta Cecobi, oso pozik
agertu dira ekimen honek kontsumitzaile nahiz saltzaileen artean izan
duen harrera dela eta
• Aurten, eskari handia zegoela ikusita beste 5.000 bonu jaulki ziren, baina horiek ere astebete eskasean agortu dira
• Bonuok datorren urtarrilaren 31ra arte trukatu ahal izango dira, kanpainari atxikitako dendetan
Urtarrilaren 3an agortu dira «Bono Denda» kanpainaren bigarren urte honetan
merkaturatu diren 25.000 bonuak, kanpaina amaitzeko ia hilabete falta
dela. Hortaz, esan daiteke finkatu egin dela Bizkaiko Foru Aldundiaren
eta Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren (CECOBI) baterako ekimen
hau, aurreko urtean baino arrakastatsuagoa izan baita, eta horrela,
ekimenaren helburu nagusia betetzea lortzen da: saltoki txikiak indartu
eta berpiztea, alegia.
Ekonomia Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek azpimarratu du Foru
Aldundia harro dagoela kanpainak izan duen harrera ona ikusita. Esan
duenez, «Bono Denda» kanpaina finkatu egin da edizio honetan eta
gainditu egin ditu aurreko urtean sortu ziren itxaropenak, bai jendearen
harrerari dagokionez, bai saltzaileen euren harrerari dagokionez.
Gaineratu du oso pozik daudela, harrera on horrek erakusten baitu
emaitzak lortzeko balio duela Aldundiak kontsumoa sustatu eta saltoki
txikiak berpiztearren egiten duen ahaleginak. Pradalesek azaldu duenez,
aurten bonu gehiago jaulki eta eskuratu dira; beraz, aurreko urtean
baino emaitza hobeak lortzea aurreikusten da, eta esan behar da iaz 1,6
milioi euroren salmentak egin zirela bonuon bidez.
CECOBIko presidente Pedro Campok nabarmendu du, bestalde, kanpaina
honen bigarren edizioak lortutako arrakastak erakusten duela honelako
ekimenek benetan lortzen dutela kontsumoa piztea, bai eta hirietako
erdiguneetako nahiz txikizkako merkatarien baikortasuna eta ilusioa
sustatzea ere. Azpimarratu du, gainera, eskerrak eman behar zaizkiela
kanpainan parte hartu duten Bizkaiko eskualdeetako saltzaile-elkarteei.
Aurten, hasieran, 20.000 «Bono Denda» jaulki ziren, eskaria 2012koa
bestekoa izango zela aurreikusita. Baina astebete dela dagoeneko
agortuta zegoen lehenengo jaulkipen hori, eta beste 5.000 bonu ateratzea
erabaki zen: kontsumitzaileek astebete besterik ez dute behar izan
bigarren jaulkipen horretakoak ere agortzeko.
Bonuok datorren urtarrilaren 31ra arte trukatu ahal izango dira,
kanpainari atxikitako dendetan, kanpaina egun horretan amaitzen da eta.
«Bono Denda» ekimenaren bidez Aldundiak 10 euroko diru-laguntza ematen
du Bizkaiko hiri-komertzioetan edo herri eta hirietako bertako
komertzioetan erosketak egiteko. Aurten ere, aurreko urtean bezala, 40
euroan saldu dira bonuok, baina 50 euroko erosketak egiteko aukera
ematen dute.
Dena dela, erosketa bakar baterako erabili ahal izango da «Bono Denda»;
beraz, bonuak ezin izango dira metatu ticket edo faktura batean. Baina
kontsumitzaileak dituen «Bono Denda» beste erosketa egin ahal izango
dira.
Hirietako edo hurbileko merkataritzan egiten den kontsumoa bultzatzea
du xede kanpaina honek, halako merkataritzak bereziki pairatzen baititu
krisi ekonomikoaren ondorioak. Zehatzago esanda, baldintza hauek
betetzen dituzten komertzioentzat da: Bizkaian egoitza soziala
edukitzea, 10 langile baino gehiago ez izatea (berdin dio autonomoak edo
inoren konturakoak diren), eta txikizkako merkataritzan aritzea (berdin
dio zer produktu saltzen duten). Aurtengo kanpaina irudi pertsonalaren
arloan diharduten saltokientzat ere zabaldu da.
Kanpainarekin bat egin duten saltokietan bereizgarri bat jarri da,
erraz ikusteko moduko leku batean (erakusleihoan, esaterako), horrela
kontsumitzaileek erraz identifika ditzaten.
Albistearen iturria: