2014(e)ko otsailaren 14(a), ostirala

ALDUNDIAK 1,7 MILIOI EURO JARRI DITU NEKAZARITZAREN SEKTORERAKO EGITURAZKO LAGUNTZARAKO

% 80 Mendiko Konpentsazio-Ordainetarako (M.K.O.) dira eta % 11 lan uzte aurreratuak egiteko.


http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia/

Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak 1,7 milioi euro jarri ditu nekazaritzaren sektorerako egiturazko laguntzarako; munta horretatik % 80 Mendiko Konpentsazio-Ordainetarako (M.K.O.) da eta % 11 lan uzte aurreratuak egiteko. Foru Sailak  mota horretako laguntzak arautzen dituen Foru Dekretuaren deialdia aurreratu  du eta, horrela, eskabideak Eskaera Bakarrarekin eta bateratuan aurkez daitezke otsailaren 17tik aurrera Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan (E.N.B.). Aurreratze horren arrazoia berariaz da baserritarrei tramitazioa erraztea; baserritarrek aukera izango dute  bi eskaerak eragiketa bakarrarekin egiteko.
Laguntzen helburuak ondoko hauek dira: euren jarduerak mendian eta/edo  eskualde kaltetuetan egiten dituztenen zailtasun naturalak konpentsatzea; nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan oporraldietan, gaixoaldietan eta amatasun/aitatasun kasuetan ordezpen zerbitzuak ezartzea;  nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako aseguru  sariak;  eta, belaunaldien arteko txandakatzea finkatuz gazteen inkorporazioari lotuta, lan uzte aurreratuengatiko saria.
Laguntzen munta era honetan banatzen da:
- 1.392.000 euro, M.K.O.
- 200.000 euro, lan uzte aurreratuak
- 90.000 euro, aseguruak
- 45.000 euro, ordezpenak
Laguntzen % 80 Mendiko Konpentsazio-Ordainetarako (M.K.O.) dira. 2013. urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak 1.420.000 euroko konpentsazioa ordaindu zuen azaroan eta abenduan eta horren onuradun izan dira euren eguneroko jarduera mendikoak bezalako alde sentibera edo  kaltetuetan egiteagatik berariazko zailtasunak dituzten nekazaritza eta abeltzaintzako  Bizkaiko 623 ustiategi profesional. Laguntza  kudeatzen duten hektareako baserritarrei errentan ematen zaien laguntza zuzenean gauzatzen da eta bere helburuak  mendietako goiko inguruetan biztanleriaren galera saihestea  eta kokapen horietan landa erkidegoak mantentzea dira, eta baita landa ingurua artatzea ere. Aldi berean, alde horien potentzial turistikoa jagon nahi da, inguru naturalarekiko, paisaiaren mantenuarekiko eta garapen ekonomikoarekiko begirunetsuak diren  nekazaritza eta abeltzaintzako sistemen erabilera sustatuz,  era berean zeregin oso garrantzitsua jokatuz lurraldearen egituraketan.
Mendialdeetan eta alde kaltetuetan nekazaritza eta abeltzaintzako sistemak mantentzeko, hala  ingurumenean duten interesagatik nola lurralde orekan duten zereginagatik, funtsezkoa da neurri honek sendotu nahi duen bilba sozioekonomikoa  mantentzea. Horrela, Irene PardokNekazaritzako foru diputatuak azaldu duen bezala "mendialdeetan eta alde kaltetuetan nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak artatzeko helburu estrategikoan laguntzen dugu, esparru horietan gure sektoreak berariazko zailtasunak dituelako  bere jarduerak egiteko".
Halaber, ingurumenari dagokionez balore handikoak diren biodibertsitatea eta sistemak zaintzea dira mendia bezala oso sentiberak diren alde horietan nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera era iraunkorrean mantentzeko helburuari lotuta dauden  lehentasunezko beste bi helburu. Beste alde batetik, alde horiek funtsezko elementua dira sistema hidrikoan eta ura moduko bitarteko baten kontserbazioan eta kalitatean. Azken terminoan, landa giroaren eta bere inguruaren arteko bizitza-maila berdintzea eta orekatzea, nekazarien lan baldintzak hobetzea  eta animalien ongizatea eta higienea hobetzea lortu behar da, eta hau guztia ustiategi iraunkorretan eta inguru naturalarekin begirunetsuak izanda.

EUSKO JAURLARITZAK ETA ALDUNDIEK KUDEABIDE PROGRAMA SUSTATUKO DUTE KUDEAKETA AURRERATUA BULTZATUZ LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO

•3 milioi euro bideratuko dituzte 5 langile baino gehiago enpresen 2014ko deialdirako.
•Euskalitek parte hartzen du programan, hasierako kontrasteetan eta proiektu pilotuetan laguntza emanez.


Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen, egindako ekitaldian sinatu da Asmoen Protokoloa, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien artean Innobideak-Kudeabide programa martxan jartzeko. Aipatutako programa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak azken hilabeteetan abian jarritako INNOBIDEAK estrategiaren barne dago.
Enpresa-kudeaketa berritzailea xede
Ekimenaren xedea Enpresa-kudeaketako metodologia, erreminta eta printzipio berritzaileen ezarpena laguntzearen bidez euskal industria-enpresen lehiakortasuna hobetzea sustatzea da.
Programaren erreferentzia-esparrua Kudeaketa Aurreratuaren Eredua izango da, euskal enpresei lehiakortasuna hobetzeko orientazioa eskaintzeko helburuarekin Euskadiko hainbat erakunde, organismo eta enpresa erreferentziazkoen lanaren eta adostasunaren ondorio dena.
Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren helburua enpresei lehiakortasuna hobetzeko bete beharreko bidean orientazioa eskaintzea da, azken hamarkadetan hainbat esparrutatik egindako kudeaketa-arloko ekarpenak txertatuta. Hauek dira esparruok: ezagutzaren kudeaketa, kalitate osoa, kudeaketako bikaintasuna, berrikuntza eta enpresaren gizarte-erantzukizuna, besteak beste.
Innobideak-Kudeabide programaren sorburua protokoloa sinatu duten erakundeen gogoeta partekatua da, hala nola enpresei laguntzeko programak garatzen metatutako esperientzia, betiere euskal enpresei lehia-abantailak eraikitzeko laguntza integratua eskaintzeko xedearekin. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek koordinatuko dute programa, eta SPRI, Foru Aldundiak eta Euskalit arduratuko dira gauzatzeaz. Ekimen honek, guztira, 3 milioi euroko aurrekontua du.
Programan parte hartu nahi duten enpresek www.kudeabide.com helbidera jo besterik ez dute. Datozen asteetan egingo dira aurkezpen teknikoak Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Kudeabide programa
5 langileko edo gehiagoko enpresei zuzendutako programa da, baldin eta enpresok erauzteko, transformatzeko eta produzitzeko industria-jarduerak, jardueron produkzio-prozesuei lotutako zerbitzu teknikoak eskaintzen dituztenak eta informazioaren eta komunikazioaren gizartearen alorreko enpresak badira, eta sozietatearen egoitza edo lantokiren bat EAEn badago.
Programak bide leuna eta enpresen beharretara egokitua proposatzen du, enpresek bi fasetan parte hartuko dutena.
1. Fasea. Lehenik, enpresaren kudeaketaren gaineko diagnostiko zehatza osatu beharko dute, lehia-hobekuntzarako erabakiak hartzea ahalbidetu behar duena, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren erreminta erabilita.
2. Fasea. Hasierako kontraste-txosteneko gomendioetan oinarrituta, enpresak ekintza-plana osatu beharko du, eduki honekin:
  • Erronka: Kontraste-txostenean jasotako hobekuntza-esparruei lotutakoak.
  • Jarduerak: Aipatutako erronkak lortzeko baliagarriak.
  • Jarduteko ildoak: Aipatutako erronkak lortzeko jarduerak taldekatuko dituztenak.
  • Helburuak: Jarduera ildo bakoitzeko bana.
  • Proiektuak: Jarduera ildo bakoitzari egokitutako helburuak lortzeko baliagarriak.
  • Adierazleak: Adierazitako helburuen betetze-maila neurtzeko.