2014(e)ko urtarrilaren 29(a), asteazkena

ZERGEN BILKETAK % 3,6 EGIN DU GORA BIZKAIAN 2013KO ABENDURA ARTE

• Zerga itunduen bilketa metatuak gora egin du: guztira, % 3,6 gehiago bildu da 2013ko abendura arte, iazko aldi berarekin konparatuz gero. Hamabi hilabete horietan, 6.226,1 milioi euro bildu dira; 2012an, berriz, 6.011,3 bildu ziren.
• Aurrez ikusitakoaren arabera, 2013an 6.220,5 milioi euro biltzea espero zen; beraz, Bizkaiko zerga-sarreren aurrekontuaren betetze-maila % 100,1ekoa da.
• 2013an, aldundiekin egin den doikuntzaren ondorioz, Bizkaiak 1.100 milioi euro ordaindu behar izan dizkie Arabako (357) eta Gipuzkoako foru aldundiei (743).

http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia



2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN BALORAZIOA, EBJAko ABOKATU NAGUSIAREN ONDORIOAK DIRELA-ETA


• Bizkaiko Foru Aldundiak uste du isunaren proposamena gehiegizkoa eta neurrigabea dela, laguntzak oso-osorik berreskuratu baitira. Gainera, uste du ez dela kontuan izan pizgarriak eman ziren unean enpresentzat krisi eta ziurgabetasun egoera zegoela (eta gaur egun ere bai).
• Abokatu nagusiak azaldu dituen irizpideak ez ditu konpartitzen aldundi honek.
• Bizkaiko foru erakundeak ondorio hauek zuhurtziaz jasotzen ditu eta behin betiko epaiaren zain geratzen da.
• Abokatu nagusiak bere ondorioetan finkatu du berreskuratu beharreko kopurua (proposatutako isunaren oinarria), guztira, 322,3 milioi euro dela, honela banatuta: AFA, 212,4 milioi euro (% 65,89); BFA, 68,7 milioi euro (% 31,31), eta GFA, 41,2 milioi euro (% 12,80).
• Bizkaiko Foru Aldundiak uste du kopuru hauek kontuan hartu behar direla euskal administrazioek isuna ordaindu behar izatekotan, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak bere epaian abokatu nagusiaren irizpideei eusten badie.

Albiste osoa irakurtzeko: http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia

ALDUNDIA EUSKADIK FITUR 2014 AZOKAN DAUKAN STANDA IREKITZEKO EKITALDIAN IZAN DA

•Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak Bilbao-Bizkaiaren eskaintza turistikoa aurkeztu dute.
•Hiriburua eta lurralde historikoa Hiriko Ihesaldiak gunean, Euskading izeneko gunean eta Enogastronomiakoan egongo dira.
•Iaz, 200.000 bisitari baino gehiago izan zituen Fitur azokak; 116.157 sektoreko profesionalak izan ziren, eta 91.802, jendearentzat zabalik egon ziren jardunaldietara joan ziren. 
Bizkaiko Foru Aldundia Euskadik Fitur 2014 Turismoaren Nazioarteko Azokan daukan standa irekitzeko ekitaldian egon da asteazken honetan. Azoka Madrilen da, urtarrilaren 26ra arte (igandea). Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak Bilbao-Bizkaiaren turismo-eskaintza aurkezteko dagoen gunea bisitatu dute. Euskadiren standa lau modulutan banatuta dago aurten, eta guztira zazpiehun metro koadro hartzen ditu. Hauek dira moduluak: Informazio orokorra, Euskading, Hiriko Ihesaldiak eta Enogastronomia. Aurten, Fitur azokan Euskadi ordezkatzeko aukeratu den konposizioa osatzen duten lau «baserrietatik» hirutan daude hiriburua eta lurralde historikoa. Bilbao-Bizkaiaren presentziak milaka pertsona erakarri izan ditu, bai azoka sektoreko profesionalentzako zabalik egoten den egunetan, bai herritar guztientzat zabalik egoten den egunetan.
2013an, 14.802 bisitari izan zituen Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalak Fitur azokan izan zuten erakustokia; 2012an, berriz, 12.500 bisitari erregistratu ziren, eta 10.000, 2011n. Iaz, stand onenaren saria jaso zuen standak, Autonomia Erkidegoak eta Erakundeak kategorian. 2013ko edizioko alderdirik erakargarrienetako bat mapping 3D proiekzioa izan zen: mugitzen ziren irudiak proiektatu ziren Bilbao Bizkaia Be Basque markan inspiratutako eskultura baten gainean. Fitur turismoaren arloko bigarren azoka garrantzitsuena da mundu mailan. Iaz, 207.239 pertsonak hartu zuten parte azokako jardueretan; pertsona horietatik 116.157 sektoreko profesionalak izan ziren.
Euskadiko standa irekitzeko ekitaldian parte hartu eta gero, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak berretsi egin du foru erakundeak turismoaren sektorearen alde egiten duen apustua, oraingo eta etorkizuneko estrategia gisa. Esan duenez, sektore honek, zalantzarik gabe, aberastasuna eta enplegua sortzen ditu, eta gero eta garrantzi handiagoa du barne-produktu gordinean. Legegintzaldirako Planak industria turistikorako ezarritako helburuek erakusten duten bezala, Aldundiak berrogeita bost milioi euro inbertituko ditu 2015. urtera bitartean.
Nazioarteko turismoa, Bilbao-Bizkaiaren apustu sendoa
2013an zehar, nazioarteko 411.641 turista iritsi ziren Bilbao-Bizkaira. Hiriburua eta lurralde historikoa bisitatzen dutenen joeran eta tipologian egon den aldaketa berresten duen marka da. Turista horien kopurua ehuneko 2,9 gehitu da 2012arekin alderatuta, eta Bilbao-Bizkaia bisitatzen duten turista guztien ehuneko 36a dira dagoeneko. Estatuko merkatua protagonista eztabaidaezina izan da 2003ra arte, baina gero garrantzia galdu du estatistiketan nazioarteko bisitarien kopuruak gora egin duelako nabarmen -ehuneko 119 hamar urteko epean-. Deigarria da Frantziatik, Estatu Batuetatik eta Portugaletik etorritako turisten gehikuntza: +% 13,7, +% 4,8 eta +% 4,1, hurrenez hurren.

   

2014(e)ko urtarrilaren 21(a), asteartea

Incoesako beharginen Espainiaratzea, baliogabetuta

 


Ia zortzi hilabete greba mugagabean egin ostean, argi izpi bat ikusi zuten astelehenean Bediako Incoesa enpresako 50 langileek. Enpresak langile guztiak Extremadurako eta Soriako (Espainia) lan zentroetara lekualdatzeko hasia zuen prozedura baliogabetu egin du epaileak. "232 greba egun egin eta gero, hasieran finkatutako helburua eta borroka benetan egiazkoak direla eta epaile batek arrazoia eman digula ikusteak asko lagundu du aldartean ere", azaldu du Ariane Elejabarrieta LAB sindikatuko ordezkariak. Iazko maiatzaren 29az geroztik darabilten gatazkari eustea "gogorra" bada ere, beharginek argi daukate helburua lortu arte bertan egongo direla borrokan. "Eta indartsu daude", gaineratu du. 

Beharginek greba abiatu zuteneko arrazoiak ez direla aldatu ekarri du gogora Elejabarrietak. "Ekoizpena hemen mantentzea eta berriro ere Bediako lantegia zabaldu ahal izatea: hori da guk ikusten dugun aukera bakarra", azpimarratu du, eta gaineratu du: "Langileak eta ekoizpena hemendik eramateko enpresak egin zuen planteamendua aurrera eramateko ez dagoela arrazoi nahikorik ebatzi du epaileak".

Incoesako zuzendaritzak hainbat argudio eman zituen lekualdaketa arrazoitzeko: "Batetik, enpresa hau instalazio aldetik zahartuta dagoela. Bestetik, han eta hemen ekoizpen txikia duela dio zuzendaritzak. Hori dela eta, ekoizpen guztia leku bakarrean batzeko erabakia hartu zuen". Horrez gain, Elejabarrietak azaldu duenez, Espainian lan egitea "merkeago" aterako litzaioke Incoesari: "Langileak soldata murrizketa batekin joango liratekeelako, noski".

Sindikatuko ordezkariaren arabera, langileek eurek "ondo baino hobeto" dakite ekoizpen aukera badagoela Bediako lantegian. "Inork baino hobeto ezagutzen dute enpresa". Izan ere, gehienek 30 urtetik gora daramate beharrean.

Horrez gain, gogora ekarri du gaur egunera arte hemen ekoizten ibili direla. Kontuan hartu beharrekoa iruditzen zaio, gainera, hango enpresetan ere hainbat lan erregulazio txosten aurkeztu dituztela eta enpresa bietako bat itxita egon zela bi urtez. Ekoizpen handiena Bedian egon dela dio, eta aukerak badaudela hemen ekoizten jarraitzeko. Argi eta garbi azaldu du Incoesak produkzioa Extremadura eta Soriara eramateko arrazoia zein den euren iritziz: "Enpresak etekin gehiago atera nahi izatea kontratazio berriak eginda". Hala ere, Bedian horretarako aukerak zabalik dirauela sinetsita daudenez, "borrokan" jarraitzeko asmoa iragarri du.

Zortzi hilabeteko grebaren ondoren, astelehenean bertan batzartu ziren, lehenengoz, Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatuarekin. "Aurretik ere egin ditugu beste bilera batzuk, nahiz eta horiek ere berandu iritsi zirela uste dugun. Baina diputatua bera astelehenera arte ez da gurekin batzartu".

2007ko deslokalizazioaren kontrako foru araua dela-eta, foru aldundiak joan den azaroan abiatu zuen txostena zertan zegoen jakin gura zuten Incoesako beharginek. Diputatuak emandako informazioaren arabera, Incoesak foru aldundiaren diru laguntzak jaso zituen. Foru arau horren arabera, laguntzak jaso dituzten enpresak deslokalizatu egiten badira, jaso duten diru hori itzuli egin behar dute. Beharginek argi daukate "deslokalizazio baten aurrean" daudela. "Argi eta garbi: enpresak egin duena da hemengo produkzioa Bizkaitik kanpoko beste planta batera eraman", ondorioztatu du Elejabarrietak.

Foru aldundiak arrazoia eman die. Martitzeneko gobernu kontseiluak deslokalizazio kasu bat dela ondorioztatu zuen, eta enpresari jasotako diru laguntzak eskatzeko erabakia hartu zuen. Osotara, 150.000 euro dira.

2014(e)ko urtarrilaren 20(a), astelehena

ALDUNDIAK 17.500.000 EURO ERABILIKO DITU AURTEN ENPLEGUA SORTU ETA TALENTUA SUSTATZEKO ZUZENEKO LAGUNTZETARAKO

 
•2013. urtean, 1.937 pertsonak lortu zuten lanpostu bat foru erakundeak bultzatutako ekimenei esker.
•Enplegurako Planak Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontuetako aparteko funts berri bati dagozkion beste 4 milioi gehiago jaso ditu.
•Lan Berri deritzon programa sortu da, iraupen luzeko langabetuei zuzenduta, eta mota horretako langabetuen kontratuetako soldata gordinaren ehuneko 30 eta 50 bitartean beteko du, gutxienez sei hilabetez.
•Enpresek hogeita hamar urte arteko gazteak kontratu mugagabe edo praktiketako kontratuen bidez kontratatzeko laguntzak jasoko dituzte, sei eta hamabi arteko iraupenarekin.
•Talentia deritzon programako bikaintasuneko berrogeita hamar bekari esker, Bizkaiko unibertsitate-ikasleei graduatu ondoko trebakuntza eskainiko zaie eta 1.250 pertsonek jasoko dituzte lanbide-hobekuntzako programak.


Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012-2015 Enplegurako Planari esker iaz 1.937pertsonek lanpostu bat lortu zuten foru erakunde honek sustatutako ekimenen bidez. Gainera, 2013. urtean, 1.322 gaztek parte hartu zuten, guztira, foru erakunde honek diruz lagundutako hobekuntza-programetan, ikasketa-praktiketan eta beketan. Bizkaian enplegua sortzeko eta finkatzeko bideratutako Ekonomia Sustatzeko Sailaren jarduerak bi multzo ezberdinetan daude egituratuta: batetik, lanpostuak sortzeko zuzeneko laguntzak daude, foru inbertsioaren kopururik handiena jasotzen dutenak, eta, bestetik, talentua sustatzekoak, eta azken horiek ere diru-kopuru ederra jasotzen dute. Aurten, 17.500.000 euro erabiliko dira 2012-2015 Enplegurako Planaren barruko programetarako.

Enplegurako Plana indartu egiten da aparteko funts baten bidez
Aurten, Enplegurako Planaren aurrekontuan dagoen diru-kopurua handitu egingo da, bost milioi euroko aparteko funts berri baten bidez, eta horrek bermatuko du jarduera berriak garatu ahal izatea eta orain daudenak handitzea, honako lau jarduera-arlo hauek osatu arte:
  • Enplegurako eta eskualdeen suspertzerako planak (1.500.000 €)
  • Lan Berri programa (1.125.000 €)
  • 39 urte arteko gazteen kontratazio mugagabea (1.125.000 €)
  • Talentia bekak (250.000 €)
 
Lan Berri, iraupen luzeko langabetuentzako programa berria 
Datu horiek guztiak ezagutzera eman ditu Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Prentsaurreko horretan, 2014ko dekretuetan sartu diren berrikuntza nagusiak aurreratu ditu eta 17.500.000 euroko inbertsio osoa iragarri du. Berrikuntzen artean programa berri baten sorrera aipatu behar da: iraupen luzeko langabetuei beren-beregi zuzendutako Lan Berri deritzon programa. Gutxienez sei hilabeteko iraupena duten lanaldi erdiko kontratuak lagunduko ditu foru erakundeak, gehienez ere urtebetez, eta soldata gordinaren ehuneko 30 eta 50 artean lagunduz. Programa horrek 1.125.000 euro inguruko aurrekontua izango du eta trebakuntzaren aurretiko diru-laguntzak jasotzen ditu, gehienez ere berrogeita hamar orduko eta mila euroko mugekin. Martxoaren 15etik urriaren 31ra bitartean eska daitezke eta 2014ko urtarrilaren 1etik eta eskabideetarako ezarritako epearen azken egunaren artean egindako kontratuetarako izango dira.  

Gazteak, Aldundiaren jardueren erdigunean
2014ko dekretuetako bat oso-osorik gazteen enplegagarritasuna bultzatzeko izango da, hogeita hamar urte arteko gazteentzako bi kontratu motarekin: praktiketako kontratua, 6 edo 12 hilabetekoak, eta kontratu mugagabeak. Diru-laguntzak 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31ra bitartean egindako praktiketako kontratuetako urteko soldata gordinaren %30erraino ordainduko du, gehienezko muga hauekin: 90.000 € erakunde onuraduneko eta 9.000 € kontratuko. Autoenplegurako programak ere gazteei zuzenduta daude, enpresa edo lanbide jarduerak abiarazteko inbertsio zehatzetarako, hain zuzen ere.
Talentuaren sustapenaren arloan, berriz, bikaintasuneko trebakuntza lagunduko da, lanbide-hobekuntzako ikastaroak eginez atzerrian, ospe handiko nazioarteko zentroetan, edo Euskadiko unibertsitate batekin batera elkarlanean, baita ere Bizkaia Sortzaile programaren barruko jarduera-sektoreetako (moda, produktuen diseinua, ikus-entzunezkoak edo bideojokoak) enpresetan praktikak eginez.

Enplegua sortu eta orain dagoena finkatzeko asmo handiko plana
2012-2015 Enplegurako Planak legegintzaldi osorako 60 milioi euroko inbertsioa jasotzen du, guztira, 35 enpleguaren sustapenerako eta 25 talenturako eta enplegagarritasuna hobetzeko. 2014ko aurrekontuko 17.500.000 euro horietatik, 12.500.000 euro zuzen-zuzenean enplegurako izango dira eta 5.000.000 euro talentuaren sustapenerako.  Inbertsio honen bidez lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira: 600 gazterentzako kontratuak, iraupen luzeko 150 langabetuentzako kontratuak, autoenpleguko 1.650 ekimen berri, Talentiako 50 beka, 1.250 gazte lanbide-hobekuntzako programetan sartuta, 10 gazte nazioarteko praktiketan eta 25 profesional edo ikerlari lortuta.
Ekonomia Sustatzeko diputatuak bere hitzaldian ziurtatu duenez, "Enplegurako plan hau asmo handiak dituen baina, aldi berean, oso beharrezkoa den erronka bat da, eta haren bidez erakunde honek enpleguarekin eta talentuarekin duen konpromisoari eutsi eta eraberritzen dugu".  Imanol Pradalesek nabarmendu du "2014. urtea urte garrantzitsua dela, are gehiago, esango nuke zirt edo zart egitekoa dela gure egunerokotasunean ingurune ekonomiko finko eta erabilgarria eta, bestetik, enplegua eta aberastasuna sortzen dituena sustatzea funtsezko helburutzat dugunontzat". Bizkaiko Foru Aldunditik -ekarri du gogora foru diputatuak- lanean dihardugu enplegurako plan hau pertsona askorentzat lan-merkatura sartzeko aterako beharrezko giltza bilaka dadin.

2014(e)ko urtarrilaren 15(a), asteazkena

ENPRESA BERRIAK SUSTATZEKO PLANA 2014 AURKEZTU DU BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK

 
• Ekonomia Sustatzeko Sailak 2013an egindako inbertsioari esker 167 enpresa eta enpresa-proiektu berritzaileri lagundu zitzaien: enpresa eta proiektuok 1.339 lanpostu dituzte lotuta
• Enpresa eta proiektu berritzaileentzat 8.500.000 euroko aurrekontua dago; industria sortzaileentzat 1.250.000 euro; gizarte-ekintzailetzarako 2.450.000 euro eta merkataritzaren sustapenerako, azkenik, milioi bat euro
• Lehenengo bi dekretuetan laguntzak eskatzeko ezartzen diren epeak bihar hasiko dira enpresa edo proiektu berritzaileen kasuan, eta Bizkaia Sortzailea programari dagozkionak, berriz, ostiralean
• Programa berri bat ere badago, zeinak 400.000 euro izango dituen ekonomia digitalarekin lotutako enpresa-proiektuen inguruko ekintzailetzari laguntzeko; Seed Capitalek, bestalde, 600.000 euroko funts bat izango du mikrokredituak emateko
• Bizkaiko Teknologia Parkeko enpresen haztegi berriaren 6.000 metro koadro egongo dira erabilgarri, 38 modulu, laborategiak eta tailerrak hartzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak 13.289.000 euro inbertituko ditu aurten enpresa-ekimen berrien sorreran. Ezarrita dauden laguntza zuzenen eta ekonomia dinamizatzeko beste jarduketa batzuen bitartez berrehun enpresa eta enpresa-proiekturi lagunduko zaie «Enpresa Berriak Sustatzeko 2012-2015 Foru Plana»ren barruan, 2014an zehar. Egungoa bezalako egoera ekonomikoa ikusita, Foru Erakundeak berriro ere adierazi behar du erabat argi duela enpresa berriak sortzea eta daudenak mantentzea ezinbesteko elementuak direla Bizkaiaren etorkizunean aurrerapena, hazkundea eta aberastasuna finkatzea lortu ahal izateko.

 Bihar zabaltzen da enpresa-proiektu berritzaileentzako laguntzak eskatzeko epea
Ostegun honetan, urtarrilaren 16an, zabalduko da enpresa berritzaile berriei buruzko dekretuan enpresa-proiektuak garatzeko laguntzak eskatzeko ezarrita dagoen epea. Dekretu horren bidez, enpresa-proiektu berriak garatzeko gastuen ehuneko 70 finantzatuko da, eta hazteko ahalmen handia duten proiektuen kasuan ehuneko 90 ere finantzatu daiteke; dena dela, gehienez ere 40.000 eta 80.000 euro emango dira, hurrenez hurren. Apirilaren 1ean zabalduko da, berriz, enpresa berritzaileak sortzeko laguntzak eskatzeko epea. Halakoen kasuan, Aldundiak, gehienez ere, kapital sozialaren ehuneko 30 —20.000 euroko mugarekin— eta proiektua martxan eta abiarazteko gastuen ehuneko 60 jarriko du. Edozelan ere, enpresa bakoitzera ezingo dira 105.000 euro baino gehiago bideratu, nazioartekotzearen arloko adituak eta marketin-plana egitea kontratatzeko gastuak ere kontuan hartuta.
Asteon —urtarrilaren 17an, ostiralez— indarrean jarriko den bigarren dekretuak Bizkaia Sortzailea programako laguntzak biltzen ditu. Laguntzok honako arlo hauetan diharduten enpresentzat dira: diseinu industriala, ikus-entzunezkoak, bideojokoak eta moda. Enpresa sortu berriak nahiz lehendik daudenak izan daitezke, hiru eta 100 langile artekoak. Proiektu berri bat garatzeko ehuneko 70 lagunduko da gehienez, eta enpresa berrien kasuan, kapital sozialaren ehuneko 30 gehienez, 10.000 euroko mugarekin. Bizkaia Sortzailea programako laguntzak eskatzeko epea martxoaren 14an amaituko da.

 2014rako erronka berriak
Urte honetarako berrikuntza nagusien artean ekonomia digitaleko ekintzailetza sustatzeko programa bat dago, zeinak 400.000 euro izango dituen enpresa-proiektuen sorrera bultzatzeko. Gainera, arrisku-kapitaleko Seed Capital sozietate publikoak funts berritzaile bat izango du 2014an mikrokredituak emateko: 600.000 euroko zuzkidura du funts horrek. Ekimen horiez aparte, enpresen haztegi berri bat jarriko da martxan Bizkaiko Teknologia Parkean, eta Aldundiak 6.000 metro koadro erabiliko ditu horretarako, lanerako moduluak, tailerrak eta laborategiak hartzeko.
Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurreikuspenen arabera 2014. urtean 200 enpresa eta proiektu berritzaileri lagunduko zaie: haietatik ehun sozietate berriak izango dira; besteak, berriz, aurretik ere badauden konpainiak. Ekonomia Sustatzeko Sailak enpresa edo enpresa-proiektu berrientzat 2014rako ezarri dituen laguntza publikoek 13.289.000 euroko aurrekontua dute, eta lau kapitulu hauetan banatzen dira:
  • Enpresa berritzaile berriak sustatzea (8.589.000 €)
  • Bizkaia Sortzailea (1.250.000 €)
  • Ekintzailetza eta Gizarte-berrikuntza (2.450.000 €)
  • Merkataritzaren sustapena (1.000.000 €)
 
 2013an 83 enpresa berri eta 84 proiektu berri sortu ziren
Iaz 167 enpresa eta enpresa-proiektu sortu ziren «Enpresa Berriak Sustatzeko 2012-2015 Foru Plana»ri esker. Kalkuluen arabera, 1.339 lanpostu daude jarduketa horiei lotuta. Laguntza jaso zuten 167 enpresa eta proiektuetatik 35 enpresa berritzaileak ziren, Bizkaia Sortzaileari programari esker 28 enpresa sortu ziren eta beste 20, berriz, gizarte-berrikuntzako dekretuaren ondorioz. Laguntza jaso zuten gainerako 84 proiektuak dagoeneko martxan zeuden konpainienak izan ziren. Ekonomia dinamizatzeko beste jarduketa batzuk —esaterako, Bizkaia Sortzailea programaren barrukoak— Lurralde Historikoko 2.000 enpresatara ailegatu ziren.

ALDUNDIAREN IRITZIZ, FROGATUTA DAGO INCOESA-REN PRODUKZIO-JARDUERAREN DESLOKALIZAZIOA BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOTIK




•Incoesa-Trafos-ek eta Incoesa-Trafodis-ek jaso dituzten 150.000 eurotik gorako laguntzak itzultzeko exijitzen du foru-erakundeak.
•Foru-erakundeak ikertu egingo du ea enpresaren jabeek bete gabe utzi zituzten diru-laguntza publikoen xede izan ziren helburuak.
•Aldundiak Bizkaiko industria-sarearen eta enpleguaren aldeko konpromisoa eta apustua berretsi ditu. 
 
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, astearteko batzarrean (2014ko urtarrilaren 14a), onetsi egin du Incoesa-Trafos eta Incoesa-Trafodis enpresen deslokalizazio-adierazpena. Aldundiak berretsitako testuak jasotzen duen bezala, Incoesa Taldeak martxan jarri duen berregituratze-prozesuaren ondorioz, Bizkaiko enpresa horietan bertan behera utziko da industria-produkzioa, eta, aldi berean, jarduera hori berori beste leku batean egingo da, Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo. Enpresa-erabaki horren aurrean, Gobernu Kontseiluak erabaki hauek hartu ditu: lehenik, Incoesa-Trafos eta Incoesa Trafodis enpresen produkzioaren deslokalizazioa adieraztea; bigarrenik, enpresei ordaindutako diru-laguntzak itzultzeko prozedura hastea, 5/2005 Foru Arauaren II. Tituluan ezarritakoa; eta, hirugarrenik, adieraztea Incoesa-Trafos eta Incoesa-Trafodis enpresek eta horien bazkideek ezin izango dutela foru-sektore publikoak emandako laguntzarik jaso zortzi urteko aldian. Erreklamatu beharreko kopuruak hauek dira: 134.052,83€ Incoesa-Trafos enpresaren kasuan eta 21.061,76€ Incoesa-Trafodis enpresaren kasuan.

Produkzio-jardueraren deslokalizazioa
Gobernu Kontseiluak onetsitako adierazpenak euren produkzio-jarduera industriala Bizkaiko Bedia udalerrian garatzen zuten Incoesa Taldeko bi enpresei eragiten die, diru-laguntzak jaso zituztenei, hain zuzen ere. Ez dio eragiten ingeniaritza-alorrari, hau da, Incoesa Consultores Industriales enpresari; izan ere, enpresa horren lan-zentroak Derion jarraituko du. 7/2007 Foru Arauko 5. artikuluan xedatu zenez, enpresaren deslokalizazio-adierazpena emanez gero, deslokalizazio-adierazpena jaso duen enpresak eta haren bazkideek ezingo dute foru-erakundeak emandako diru-laguntzarik jaso zortzi urtean. Halaber, enpresak behartzen ditu adierazpenaren aurreko zortzi urteetan jasotako diru-kopuruak itzul ditzaten, kopuru bakoitza jaso zutenetik deklarazioaren egunera arte sortutako berandutza-korrituekin batera.

Industria-jarduera eta enplegua sustatzeko konpromisoa
Azkenik, enpresak Bizkaian aberastasuna eta enplegua sortzeko funtsezkoak direla onartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko industria- eta enpresa-sarearen aldeko konpromisoa eta apustua berretsi ditu. Horretarako, haien lehiakortasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzeko beharrezkoak diren programak, laguntzak eta ekimenak sustatuko ditu, orain arte bezala. Izan ere, laguntza publiko horien helburua da aberastasuna eta lanpostu iraunkorrak sortzen laguntzea eta lurraldean jarduera ekonomikoen deslokalizazioa eragoztea.

2014(e)ko urtarrilaren 13(a), astelehena

BIDC-K ETA BRITISH COUNCILEK HASI DUTE BILBOKO, BIZKAIKO ETA ERRESUMA BATUKO ENPRESA SORTZAILEEK PROIEKTUAK PARTEKATZEKO PROZESUA


 
• Lankidetza hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council erakundearen bitartez, British Councilekin sinatutako hitzarmen estrategikoaren ondorioa da.
• 200 erakunde eta enpresak baino gehiagok aukera izango dute Bilbo eta Bizkaia nazioartean ezagutzera emateko ekintza honetan parte hartzeko; sormena eta diseinua dira ekintzaren oinarria.

Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council (BiDC) eta British Council erakundeek prozesu bat hasi dute BiDC kontseiluko kide diren erakundeek eta enpresek eta Erresuma Batuko haien kideek proiektu partekatuak gara ditzaten urtarriletik abenduaren 31ra bitartean. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, BiDC erakundearen bitartez, ekainean British Councilekin sinatu zuten lankidetza-hitzarmen estrategikoaren ondorioa da.

Akordio hau dela eta, foru erakundeak, Bilboko Udalak, SPRIk, hiru euskal unibertsitateek, Teknalia eta IK4 zentroek, sormenaren arloko industriei lotutako klusterrek, Guggenheim Museoak, Arte Ederren Museoak, Euskalduna Jauregiak, Alondegiak, Merkataritza Ganberak eta BEC-ek lankidetza-proiektu bat garatuko dute, gutxienez, Erresuma Batuko partner batekin, diseinuaren, ikus-entzunezkoen, bideojokoen, modaren eta eduki digitalen sektoreetako 200 enpresa eta erakunde baino gehiagorekin batera. 

Proiektuak hauek izan daitezke:joint ventureak sortzea, produktuak eta zerbitzuak lankidetzan garatzea, merkataritzako aliantzak egitea, profesionalak trukatzea, tailerrak antolatzea, etab. 

Lankidetza hau gauzatzeko, «AIM GREAT BRITAIN» izeneko gune bat sortu da BiDC erakundearen web orrian. Gune horretan, prozesuari buruzko informazioa aurkitu ahal dute enpresek eta eragileek, eta gune horretan kargatu beharko dituzte beren proiektuak, bideo baten bitartez (bideoa minutu batekoa izan behar da, gutxienez). Horrez gainera, BiDC erakundeak idazkaritza tekniko bat sortu du erakundeko kideek Erresuma Batuan garatu beharreko ekimenei dagokienez planteatutako galderak erantzuteko. 

Proiektuak abenduaren 31a baino lehen egin beharko dira, eta BiDC Foroak ebaluatuko ditu. Foro horrek gauzatutako proiektuen artean arrakastarik handiena lortu duten esperientziak balioetsi eta sarituko ditu.

Aurrekaririk gabeko ekimena
Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Andoni Aldeko Alkatetzako Kabineteko zuzendari ordezkariak eta Rod Pryde British Council fundazioaren Estatuko zuzendariak gaur egin duten aurkezpena eta gero ofizialki abiarazi den ekimenak ez dauka aurrekaririk. Orain arte, Bilbao-Bizkaian ez da sekula sustatu honelako proposamenik kanpoko proiekzio ekonomikora bideratuta Ekimen honetan hainbat erakunde eta enpresa daude sartuta (200 baino gehiago); ardatza sektore jakin batzuk dira (diseinua eta sormenaren arloko industriak) eta aldi jakin batean gauzatzekoa da (urte bat). 

Urtero, BiDC erakundeak herrialde bat aukeratuko du ekintza hau gauzatzeko. Lehenengoa Erresuma Batua izan da. Herrialde hori hautatzea ahalbidetu duten arrazoiak bistakoak dira: Bilbao-Bizkaiaren eta Erresuma Batuaren arteko lotura historikoak eta ekonomikoak, herrialde horrek sormenaren arloko industrien alde egiten duen apustua eta BiDC eta British Council erakundeen arteko lankidetza. 

Lankidetza honen barruan, aurrez ikusita dago Erresuma Batua herrialde gonbidatua izatea Diseinuaren Nazioarteko Egunaren II. edizioan. BiDC erakundeak antolatzen du egun hori, ekaineko azken astean. Halaber, aurtengo udazkenean, Bizkaiko sormenaren eta diseinuaren arloko industriak aurkezteko ekitaldi bat egingo da Londresen, British Councilek babestuta eta lankidetza-hitzarmenaren babespean. 

Bi ekintza hauek hiru helburu dituzte. Lehenengoa, Erresuma Batuan industria sortzaileen garapenaren arloan ematen ari diren esperientziak ekartzea Bilbora eta Bizkaira. Bigarrena, Bilbok eta Bizkaiak sormenaren eta diseinuaren arloko industrien alde -hiriaren eta lurraldearen garapen ekonomikorako eta nazioarteko proiekziorako faktore garrantzitsuak diren heinean- egiten duten apustua ezagutzera ematea Britainia Handiko hiriburuan. Eta, hirugarrena, BiDC erakundeko kide diren organizazio eta enpresen eta Erresuma Batuan izan ditzaketen kideen arteko harremana, lankidetza eta proiektu bateratuak ahalbidetzea eta sustatzea.

2014(e)ko urtarrilaren 9(a), osteguna

ALDUNDIA GALLARTAKO ONDULINE ENPRESAREN PRODUKZIO- LERRO BERRIAREN IREKITZE-EKITALDIAN IZAN DA

Produkzio-lerro berriak, abiarazteko bi milioi euroko inbertsioa behar izan duenak, berekin ekarriko du Bizkaiko lantegiak bere produkzio-ahalmenaren ehuneko ehunean lan egitea.

Albistearen iturria: 



Bizkaiko Foru Aldundia Onduline enpresak Gallartan duen egoitzan produkzio-lerro berria irekitzeko egin den ekitaldian izan da, gaur goizean. Ekonomia Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek; Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuorde Estibaliz Hernaezek eta Ondulineko munduko arduradun nagusi Jean Noël Fourel-ek parte hartu dute El Campillo industrialdean egin den ekitaldian. Bi milioi euro inguru inbertitu dira fibroasfalto-plakak produzituko dituen lerro berri hau abiarazteko, eta, beroni esker, lantegiak bere produkzio-ahalmenaren ehuneko ehunean lan egingo du.

Atzean geratu da eraikuntza-sektoreak bizi duen eta Ondulinen ere eragina izan duen krisialdiaren ondoriozko bi urteko zalantza-aldia. Bitarte horretan, enpresak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bi gainditu ditu; are gehiago, taldeko munduko zuzendaritza enpresaren hurbileko etorkizuna zalantzan jartzeraino heldu da, goizeko ekitaldian gogorarazi denez. Lerro berria abiaraztearekin batera, bultzada berria ematen zaio eraikuntza-materialak fabrikatzen dituen enpresa honi, zeinak ekoizten dituen fibroasfalto-plaken ehuneko hirurogeita hamar Europa, Amerika eta Asiako zenbait herrialdetara esportatzen duen.