•Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak Bilbao-Bizkaiaren eskaintza turistikoa aurkeztu dute.
•Hiriburua eta lurralde historikoa Hiriko Ihesaldiak gunean, Euskading izeneko gunean eta Enogastronomiakoan egongo dira.
•Iaz, 200.000 bisitari baino gehiago izan zituen Fitur azokak; 116.157 sektoreko profesionalak izan ziren, eta 91.802, jendearentzat zabalik egon ziren jardunaldietara joan ziren.
Bizkaiko Foru Aldundia Euskadik Fitur 2014 Turismoaren Nazioarteko Azokan daukan standa irekitzeko ekitaldian egon da asteazken honetan. Azoka Madrilen da, urtarrilaren 26ra arte (igandea). Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak Bilbao-Bizkaiaren turismo-eskaintza aurkezteko dagoen gunea bisitatu dute. Euskadiren standa lau modulutan banatuta dago aurten, eta guztira zazpiehun metro koadro hartzen ditu. Hauek dira moduluak: Informazio orokorra, Euskading, Hiriko Ihesaldiak eta Enogastronomia. Aurten, Fitur azokan Euskadi ordezkatzeko aukeratu den konposizioa osatzen duten lau «baserrietatik» hirutan daude hiriburua eta lurralde historikoa. Bilbao-Bizkaiaren presentziak milaka pertsona erakarri izan ditu, bai azoka sektoreko profesionalentzako zabalik egoten den egunetan, bai herritar guztientzat zabalik egoten den egunetan.
2013an, 14.802 bisitari izan zituen Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalak Fitur azokan izan zuten erakustokia; 2012an, berriz, 12.500 bisitari erregistratu ziren, eta 10.000, 2011n. Iaz, stand onenaren saria jaso zuen standak, Autonomia Erkidegoak eta Erakundeak kategorian. 2013ko edizioko alderdirik erakargarrienetako bat mapping 3D proiekzioa izan zen: mugitzen ziren irudiak proiektatu ziren Bilbao Bizkaia Be Basque markan inspiratutako eskultura baten gainean. Fitur turismoaren arloko bigarren azoka garrantzitsuena da mundu mailan. Iaz, 207.239 pertsonak hartu zuten parte azokako jardueretan; pertsona horietatik 116.157 sektoreko profesionalak izan ziren.
Euskadiko standa irekitzeko ekitaldian parte hartu eta gero, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak berretsi egin du foru erakundeak turismoaren sektorearen alde egiten duen apustua, oraingo eta etorkizuneko estrategia gisa. Esan duenez, sektore honek, zalantzarik gabe, aberastasuna eta enplegua sortzen ditu, eta gero eta garrantzi handiagoa du barne-produktu gordinean. Legegintzaldirako Planak industria turistikorako ezarritako helburuek erakusten duten bezala, Aldundiak berrogeita bost milioi euro inbertituko ditu 2015. urtera bitartean.
Nazioarteko turismoa, Bilbao-Bizkaiaren apustu sendoa
2013an zehar, nazioarteko 411.641 turista iritsi ziren Bilbao-Bizkaira. Hiriburua eta lurralde historikoa bisitatzen dutenen joeran eta tipologian egon den aldaketa berresten duen marka da. Turista horien kopurua ehuneko 2,9 gehitu da 2012arekin alderatuta, eta Bilbao-Bizkaia bisitatzen duten turista guztien ehuneko 36a dira dagoeneko. Estatuko merkatua protagonista eztabaidaezina izan da 2003ra arte, baina gero garrantzia galdu du estatistiketan nazioarteko bisitarien kopuruak gora egin duelako nabarmen -ehuneko 119 hamar urteko epean-. Deigarria da Frantziatik, Estatu Batuetatik eta Portugaletik etorritako turisten gehikuntza: +% 13,7, +% 4,8 eta +% 4,1, hurrenez hurren.