2014(e)ko urtarrilaren 21(a), asteartea

Incoesako beharginen Espainiaratzea, baliogabetuta

 


Ia zortzi hilabete greba mugagabean egin ostean, argi izpi bat ikusi zuten astelehenean Bediako Incoesa enpresako 50 langileek. Enpresak langile guztiak Extremadurako eta Soriako (Espainia) lan zentroetara lekualdatzeko hasia zuen prozedura baliogabetu egin du epaileak. "232 greba egun egin eta gero, hasieran finkatutako helburua eta borroka benetan egiazkoak direla eta epaile batek arrazoia eman digula ikusteak asko lagundu du aldartean ere", azaldu du Ariane Elejabarrieta LAB sindikatuko ordezkariak. Iazko maiatzaren 29az geroztik darabilten gatazkari eustea "gogorra" bada ere, beharginek argi daukate helburua lortu arte bertan egongo direla borrokan. "Eta indartsu daude", gaineratu du. 

Beharginek greba abiatu zuteneko arrazoiak ez direla aldatu ekarri du gogora Elejabarrietak. "Ekoizpena hemen mantentzea eta berriro ere Bediako lantegia zabaldu ahal izatea: hori da guk ikusten dugun aukera bakarra", azpimarratu du, eta gaineratu du: "Langileak eta ekoizpena hemendik eramateko enpresak egin zuen planteamendua aurrera eramateko ez dagoela arrazoi nahikorik ebatzi du epaileak".

Incoesako zuzendaritzak hainbat argudio eman zituen lekualdaketa arrazoitzeko: "Batetik, enpresa hau instalazio aldetik zahartuta dagoela. Bestetik, han eta hemen ekoizpen txikia duela dio zuzendaritzak. Hori dela eta, ekoizpen guztia leku bakarrean batzeko erabakia hartu zuen". Horrez gain, Elejabarrietak azaldu duenez, Espainian lan egitea "merkeago" aterako litzaioke Incoesari: "Langileak soldata murrizketa batekin joango liratekeelako, noski".

Sindikatuko ordezkariaren arabera, langileek eurek "ondo baino hobeto" dakite ekoizpen aukera badagoela Bediako lantegian. "Inork baino hobeto ezagutzen dute enpresa". Izan ere, gehienek 30 urtetik gora daramate beharrean.

Horrez gain, gogora ekarri du gaur egunera arte hemen ekoizten ibili direla. Kontuan hartu beharrekoa iruditzen zaio, gainera, hango enpresetan ere hainbat lan erregulazio txosten aurkeztu dituztela eta enpresa bietako bat itxita egon zela bi urtez. Ekoizpen handiena Bedian egon dela dio, eta aukerak badaudela hemen ekoizten jarraitzeko. Argi eta garbi azaldu du Incoesak produkzioa Extremadura eta Soriara eramateko arrazoia zein den euren iritziz: "Enpresak etekin gehiago atera nahi izatea kontratazio berriak eginda". Hala ere, Bedian horretarako aukerak zabalik dirauela sinetsita daudenez, "borrokan" jarraitzeko asmoa iragarri du.

Zortzi hilabeteko grebaren ondoren, astelehenean bertan batzartu ziren, lehenengoz, Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatuarekin. "Aurretik ere egin ditugu beste bilera batzuk, nahiz eta horiek ere berandu iritsi zirela uste dugun. Baina diputatua bera astelehenera arte ez da gurekin batzartu".

2007ko deslokalizazioaren kontrako foru araua dela-eta, foru aldundiak joan den azaroan abiatu zuen txostena zertan zegoen jakin gura zuten Incoesako beharginek. Diputatuak emandako informazioaren arabera, Incoesak foru aldundiaren diru laguntzak jaso zituen. Foru arau horren arabera, laguntzak jaso dituzten enpresak deslokalizatu egiten badira, jaso duten diru hori itzuli egin behar dute. Beharginek argi daukate "deslokalizazio baten aurrean" daudela. "Argi eta garbi: enpresak egin duena da hemengo produkzioa Bizkaitik kanpoko beste planta batera eraman", ondorioztatu du Elejabarrietak.

Foru aldundiak arrazoia eman die. Martitzeneko gobernu kontseiluak deslokalizazio kasu bat dela ondorioztatu zuen, eta enpresari jasotako diru laguntzak eskatzeko erabakia hartu zuen. Osotara, 150.000 euro dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina