2014(e)ko otsailaren 6(a), osteguna

2013. URTEAN, ALDUNDIAK 1.850.000 EURO INBERTITU DITU BASOAK BERRITZEKO


http://www.bizkaia.net/

Guztira, 863 hektarea baso berritu dira: 652 pribatuak izan dira, eta 211 publikoak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak 1.850.000 euro inbertitu ditu 2013. urtean mendietako basoak berritzeko. Guztira, 863 hektarean egin dira basoa berritzeko lanak: 652 pribatuak izan dira, eta 211 publikoak. Lurralde Historikoaren azaleraren % 60 basoa da; % 75 jabetza pribatuko da eta gainerako % 25a, berriz, publikokoa, udal erakundeena eta Aldundiarena. Nekazaritzako Foru Sailari dagokio Bizkaiko mendien kudeaketa egitea, bere eskumenen garapenean.
Arlo pribatuan, Foru Aldundiak laguntza-neurriak ezartzen ditu eta baso-berritzea sustatu eta arautzen du. Ildo horretan, Nekazaritza Sailak 2013. urtean ordaindu dituen diru-laguntzen eskabideen arabera, titular pribatuek 652 hektarea berritu dituzte: 511, koniferoekin (hazkunde arin eta ertainekoak), eta 60, hostozabalekin. Guztira, 1.430.000 euroko inbertsioa egin da hektarea horiek berritzeko, haietatik 1.075.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta.
Arlo publikoan (onura publikoko mendiak eta onurako mendiak), ekoizpen-eginkizuna hartu da kontuan, ekonomia eta enplegua sortzen baititu; baina, horrez gainera, inguruetako landaredi potentzialaren berreskurapena sustatzen da, hazkunde ertain edo moteleko hostozabal autoktonoak erabilita. Arlo honetan, 211 hektarea berritu dira: 120, hostozabal autoktonoekin, eta gainerakoak, koniferoekin. Guztira, 420.000 euroko inbertsioa egin da.
Baso horiek ingurumenean eta ekonomian sortzen dituzten balioak iraunarazteko, Nekazaritza Sailak baso-berritzeen ardura bereganatu du haien iraupena bermatzeko. Basoa berritzeko lanak geldialdi begetatiboan egiten dira, neguan, udaberria hasi arte; horretarako, kalitate oneko landareak aukeratzen dira, landatuko diren lekuko ingurumen-baldintzetara (orientazioa, altitudea, eta abar) ondo egokitzen direnak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina