2014(e)ko otsailaren 6(a), osteguna

ALDUNDIAK 20 MILIOI EUROKO LAGUNTZAK EMANGO DITU AURTEN INBERTSIORAKO, BERRIKUNTZARAKO ETA BIZKAIKO ETE-EN NAZIOARTERATZEKO

http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia

• Berrabiatze Plana 2012an martxan jarri zenetik 1.211 ETEk jaso dute Planeko laguntza eta guztira 25.700 pertsonaren lanpostuak daude berari lotuta.
• Onetsitako dekretu berriek Bizkaiko 690 ETE eta mikroETEri ekarriko diete onura.

"2014a Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen urtea da", esan zuen atzo, otsailak 5, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak. Pradalesek iragarri du foru erakundeak aurten 20.000.000 euroko laguntzak emango dituela berrikuntzarako, inbertsiorako eta enpresak nazioarteratzeko, horiexek baitira ETEak eta Autonomoak Berrabiatzeko 2012-2015 aldirako Planari eusten dioten hiru ardatzak. 2014rako ezarritako inbertsioarekin, Aldundiak helburu gisa aurreikusi du laguntzak ematea 690 ETE eta mikroETEri, eta, horrenbestez, 10.000 lanpostu sendotzen laguntzea. Lurralde historikoko enpresen ehuneko 95 kategoria horretakoak dira. Beraz, ETEak eta Autonomoak Berrabiatzeko 2012-2015 aldirako Plana Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduketa estrategikoen osagai da, Enpresa Berriak Sustatzeko Planarekin eta Enplegu Planarekin batera. Jarduketa horietan, guztira, 50 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da aurten.
Imanol Pradalesek mezu itxaropentsu eta gogotsua zabaldu du Bizkaiko etorkizun hurbilari begira. "Badakit azken urte hauek oso gogorrak izan direla, denontzat izan dira gogorrak. Garrantzitsuena lortu duzue, eustea, hain zuzen, eta hemendik aurrera, ostera, uste dut etorkizun itxaropentsua dugula hazi ahal izateko, merkatua irabazteko, hiru ardatz direla medio: inbertsio gehiago, berrikuntza gehiago eta nazioarteratze gehiago". Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Bizkaian inbertitzen jarrai dezaten eskatu die enpresei, "beste merkatu batzuen alde apustu egin, baina beti zeuen lurraldea daukazuela erreferentzia". Horren haritik Imanol Pradalesek hauxe gogorarazi die: "zuen ondoan gaude behar duzuenerako, inork ez dezala zalantzarik txikiena ere izan".
Topaketa sendotua
Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak "Bizkaiko ETE-ekiko III. Topaketan" egin ditu adierazpen horiek. Beaz foru sozietate publikoaren laguntzaz antolatutako bilera hori gaur goizean egin da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta lurralde historikoko 200 bat enpresaren ordezkariak elkartu dira bertan. Bere hitzaldian, Imanol Pradalesek zehaztu du ETEak eta Autonomoak Berrabiatzeko 2012-2015 Planaren edukiak Bizkaiko enpresentzat estrategikoak diren hiru arlo biltzen dituela: berrikuntza, inbertsioa eta nazioarteratzea.
Horietatik guztietatik berrikuntza da baliabide ekonomiko gehien jaso dituen arloa: 12.500.000 euro 2014an. Enpresek euren lehiakortasuna hobetzeko erabili ahal izango dituzte baliabide horiek, prozesu edota produktu berritzaileak sartuz euren jarduketa-esparru guztietan. Foru erakundeak egindako aurreikuspenen arabera, 230 ETEk jasoko dituzte laguntzok; horietatik 170ek berrikuntza sustatzeko proiektuak dituzte, eta 60k kudeaketa eta parte-hartzea hobetzeko proiektuak.
Beste 2.620.000 euro jarriko dira inbertsiorako finantza-laguntza emateko. Aldundiak bi programa ditu horretarako, jada finkatuak: Afa eta Afipyme, autonomoei eta ETE-ei finantza-laguntza eskaintzen dietenak. Laguntza horiei buruzko zenbatespenek azpimarratzen dutenez, 260 ETE eta mikroETEk lortuko dute onura 30 milioi euroraino irits litezkeen inbertsioetarako interes-murrizketaren bitartez.
Berrabiatze Planeko hirugarren arloak Bizkaiko enpresen lankidetza eta nazioarteratzea ditu xede, eta 4.955.000 euroko aurrekontua du. Baliabide horiek enpresen arteko lankidetza proiektuak garatzeko erabiliko dira, ETEak batu ahal izan daitezen kanpoan baldintza hobeetan lehiatu ahal izateko, eta nazioarteratze proiektuetara ere bideratuko dira. Foru erakundeak aurreikusten du 200 bat ETE izango direla neurri horien onuradunak. Enpresen arteko lankidetzarako 15 proiektu garatuko dira eta horietan 90 ETEk parte hartuko dute, eta beste 110 ETEk zuzeneko nazioarteratze-proiektuak izango dituzte.
ETEak eta Autonomoak Berrabiatzeko Planaren balantzea
Berrabiatze Plana 2012an martxan jarri zenetik 1.211 ETE eta mikroETEk jaso dute Planeko laguntza eta guztira 25.700 pertsonaren lanpostuak daude berari lotuta. Hona hemen nola banatzen diren kopuru horiek Planeko programen artean: enpresen berrikuntzarako programetara bildu dira enpresa gehien azken bi urteotan, onuradunak 549 baitira, eta lotutako lanpostuak, berriz, 15.603; ondoren inbertsiorako finantza-laguntza emateko programak datoz, 438 onuradunekin eta lotutako 4.097 lanposturekin; eta, azkenik, enpresen arteko lankidetzarako eta nazioarteratzeko programek 224 enpresa biltzen dituzte eta 6.000 lanpostu dituzte lotuta.
Beaz foru sozietatearen bitartez antolatutako "Bizkaiko ETE-ekiko III. Topaketan" lurralde historikoko 200 bat enpresa txiki eta ertain batu dira Bilboko Euskalduna Jauregian. Jardunaldi horretan enpresek aukera izan dute Aldundiko teknikariekin hitz egiteko eta urtero abian jartzen diren laguntza-programa guztiek eskaintzen dituzten onuren berri zehatza jasotzeko.  Ekitaldi hori aukeratu da, halaber, 2014ko dekretu berriak aditzera emateko.
Aurreko ekitaldietan bezala, topaketak bidea eman du ETE-ekin batera aztertu ahal izateko Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dizkien zerbitzuez eurek egiten duten balorazioa, euren jarduera-sektoreetan dituzten beharrizanak ezagutzeko eta kanpoan merkatu berriak irekitzeko duten interesa arakatzeko.

Aldundiak berrikuntza goraipatzeko ematen dituen "emON" sarien banaketa
Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak 2013ko "emON" sariak banatu ditu, alegia, Ekonomia Sustatzeko Sailaren deialdietan aurkezten diren enpresa-proiektu berritzaileak nabarmentzeko sariak. Lehenengo edizio honetan "emON" saridunak lau proiektu eta bi enpresa izan dira:  BABCOCK VALVES, enpresa-sorkuntzarako proiektu gisa; ARIADNA INSTRUMENTS, berrikuntza proiektu gisa; RDT ENGINEERS, nazioarteratzeko proiektu gisa;  ARTESANÍA GRACI, "Bizkaia Sortzaile" ataleko proiektu gisa; CAF ENGINEERS, spin-off enpresa-ibilbide gisa; eta TICKETBIS, start-up enpresa-ibilbide gisa.
Beaz foru sozietate publikoak egin du proiektu sarituen hautapena, oinarritzat hartuta, batetik, proiektua onetsi zenean enpresa bakoitzak jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko aurkeztu zituen aurreikuspenak noraino bete diren, eta bigarrenik, jatorrizko planteamendua zenbateraino egokitzen zaion enpresei laguntzeko programa honen asmo berritzaileari. CAF ENGINEERS eta TICKETBIS enpresa sarituen kasuan, epaimahaiak nabarmendu egin du Aldundiaren laguntzaz sortutako bi enpresa horiek azken bost urteotan egin duten ibilbidea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina